ESAIT ::: AB-28 OFIZIALTASUNAREN ALDARRIKAPENA BILBON

1. OFIZIALTASUNAREN ALDARRIKAPENA> Nazioartean euskal selekzioen ofizialtasuna lortzeko ez da nahikoa orain arte egindakoa, hori bistakoa da, bestela ez ginelako urteak joan urteak etorri, egoera antzekoan aurkituko, alegia, urratsik eman gabe.

esait

Kataluniak urteetako inbertsio politiko eta borrokaren ondorioz, 20 kiroletan lortu du bere selekzioen ofizialtasuna. Zer gertatzen da Euskal Herrian, gizartearen babes zabala duen selekzioen ofizialtasunaren aldarrikapenak helburuetatik hain urruti izateko?

Bertako politika publikoek muzin egin diote ofizialtasuna eskuratzeko inolako saiakerari. Katalunian ez bezala, politika publikoen inbertsioa, instituzio gehienen aldetik, hutsala izan da. Ofizialtasunaren alde hauteskunde kanpainetan gehiago hitz egiten den herri honetan, konpromisoa eta baliabideak eskaini beharreko unean, hutsune nabarmena dakusagu. Elkarlanari uko eginez, ofizialtasuna, botoak eskuratzeko beteko ez diren hauteskunde promesak besterik ez dira egun hemen.

Urratsak ematea dagokien elkarteek, federazioek, kasu gehienetan, inolako urratsik eman gabe jarraitzen dute. Futbol federazioarekin azaroan izandako bilera batean, egingarriak liratekeen urratsak eskatu genituen. Ez dugu epe laburrera espainiar futbol federaziotik irteera eskatzen, egingarriak liratekeen tarteko urratsak ematea baizik, datorren urtera begira, adibidez, 3 edo 4 selekziok osaturiko nazioarteko txapelketa baten antolaketa esaterako. Urrats gehiago behar ditugu, egingarriak liratekeen urratsak. Hori izan behar da bidea.

2. ALDARRIKAPENA, BENGALAK ETA ISTILUAK>Futbol partidua dela eta, ia urtero, larritasunez dakusagu eguna hartzen ari den ezaugarritzea. Aldarrikapenari bideraturiko egun bat izan beharrean, desfaserako, eta seriotasunik gabeko jai erraldoi batean bilakatu da aipaturiko eguna. Federazioak hautaturiko arerioen perfil eskasak, hautaketak egiterako orduan izandako seriotasun faltak, ofizialtasunaren norabidean finkatu beharreko estrategia argi baten gabeziak, zein beste hainbat faktorek, egun hori desfaserako egun moduan ezaugarritzea eragin dute.

Desfaserako joera horrek, bengalak, suziriak, petardoak eta antzekoak egun horri lotzea ekarri du. Aurten ere, Euskadiko Federazioa beldur da antzeko zerbait gerta daitekeela eta aipatu bilera horretan, laguntza eskatu zigun. Argi utzi genien eta gaur ere argi eta garbi esaten dugu BENGALAK ETA ISTILUAK kalte baino ez diotela egiten euskal selekzioaren ofizialtasunari, besteak beste, herritarren aldarrikapena estaliz, protagonismo zuzena istiluak eta irudi bortitzak hartzen dutelako.

Istiluen irudi beltz hori ekiditeko, gure ustetan errezetarik onena, ofizialtasuna lortze bidean, guztion aldetik, baino batik bat, Jaurlaritza eta Euskadiko futbol federazioaren aldetik egon daitekeen borondatea, zintzoa eta benetakoa izatea. Egun, askok pentsatzen dutelako, gabonetako partidua, itxura eta batzuen aurpegiak zuritzeko izateaz gain, Futbol federazioak soilik dirua ateratzeko erabiltzen duela.

3.- ESAITek AB-28an ANTOLATUKO EKIMENAK AZALDU> ESAITek argi dauka ofizialtasunaren aldarrikapena partidutik haratago izan behar duela. Zentzu horretan, urtero egiten duen antzera, aurten, bi ekimen ezberdin antolatu ditu, lehenengoa, goizeko 12:00tan PAGASARRI mendiko igoera, bertan euskal selekzioaren aldeko argazki koloretsua ateratzeko. Aurten ez da txozna ezta jaialdirik izango. Kirolaren praktika osasuntsuaren bitartez bideratu nahi dugu aldarrikapena.
Bigarrena, arratsaldeko 18:30ean, AREATZAtik abiatuta, OFIZIALTASUNentzat URRATS + lelopean antolatutako manifestazioa. Aipatu, aurreko puntuan aipatutakoarekin koherenteak izanik, alegia, istiluak ekiditearen bidean, ez dugu onartuko bengalaren erabilpenik. Herri aldarrikapena artikulatu ahal izateko, adin eta jatorri desberdinetako jendea bildu nahi dugu. Horregatik, bengala, suziri edo petardoen erabilerak soberan daudela azpimarratu nahi dugu.

4.- 2020ko EUROKOPA. SAN MAMES ETA ESPAINIAKO SELEKZIOA> Argi izan dugu beti, Euskal Herria espainoltzeko bidean, kirolak oso leku berezia izan eta egun duela eta zentzu horretan protagonismo zuzena hartzerik batera, erabili egiten dela.

Espainiako txirrindularitza itzulia gure errepideetara ekartzea, Espainiako saskibaloia selekzioak Gasteizen jokatzeak edota urtero Euskal Herrian antolatzen diren hainbat modalitateko Espainiako txapelketa, horren adierazgarri baino ez dira.

Zentzu horretan, Euskal Herriak beste nazioen modura bere selekzio propioak izateko duen eskubidea Espainiaren aldetik sistematikoki urratua den heinean, ezin dugu, inondik inora, indar faktiko horren ukazioa kontuan hartu gabe utzi eta Espainiako selekzioa Euskal Herrian, guztion selekzioa izango balitz bezala esku zabalik hartu, alegia, ongietorria eman, besteak beste, euskal herritar gehienak bere selekzio propioa izateko eskubidea aldarrikatzen jarraitzen dugun heinean, euskal gizarteari burla egitea ere izango litzatekeelako.

Testuinguru horretan, eredu bezala hartzen dugu aste bukaeran Barakaldon antolatutako 18 urte azpiko Saskibaloi gizonezko torneoa non Espainia eta Turkiako selekzioekin batera, 2014ko Promesak eta Euskal selekzioak ere parte hartuko duen.

Hori baita egun eskubideetan oinarritutako eredu egokiena, alegia, zaletuen aldetik bakoitzak bere selekzioa ikusteko aukera eta euskal jokalariei dagokionez, bakoitzak bere selekzioan jokatzeko aukera. Beraz, aurtengo leloak dioen modura, OFIZIALTASUNerantz URRATS +

ESAIT

Utzi iruzkina