Martxoan baino “arrazoi gehiago” dago hilaren 26koan greba egiteko

ELA, LAB, ESK, CNT, CGT, EILAS, Hiru eta EHNE sindikatuetako ordezkariek eta hainbat eragile sozialetakoek, horien artean Elkartzen, esan genuen atzo aurreko greba orokorrean baino “arrazoi gehiago” dagoela irailaren 26koan lanuztea egiteko. Atzo erregistratu genuen eskaera, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan.

Endika Labort CNTko ordezkariak esan zuenez, “oinarrizko eskubideen aurka egiten ari dira, murrizketen aldetik, eta gizarte eskubideei eraginez”. Hori dela eta, eskubideen defentsan kalera irteteko deia egiten dugu.

Javier Serra Posada de los Abrazos elkarteko bozeramaileak esan zuenez, berriz, langabeziaren gorakada “Espainiako Gobernua hartzen ari den murrizketen politiken ondorioa da”.

Gobernuak onartutako azkeneko neurri sortaren kontra deitu dugu grebara.

Aurreko greba orokorra aurtengo martxoaren 29an antolatu genuen, Espainiako lan erreformaren aurka. Oso oihartzun handia izan zuen. CCOOk eta UGTk Espainiako Estaturako deitu zuten egun bererako.

Irailaren 26an ez ekoiztu, ez saldu, ezta kontsumitu ere! Langileok kalera!

Utzi iruzkina