Euskarak Bilbo behar du

Euskararen nazioarteko eguna da gaur, euskaldun berri eta zahar, euskara ikasle eta irakasle, euskalduntzean pentsatzen ari den eta Euskal Herriko biztanle ororentzat ospakizun eta jai eguna izan behar du. Gure eguna da.

Harro agertu behar dugu: Europako hizkuntza zaharrenak, mendeetan zehar erasotua izan arren, bizirik dirau. Bizirik, alaitsu eta osasuntsu dago.

Baina ez gaitezen engainatu, asko dago egiteko, bidea ez dago eginda eta gure hizkuntzaren etorkizuna, gure herriaren etorkizunari lotua, ez dago bermatuta, inondik inora. Halaxe erakusten dute UNESCOren informeek, euskara, oraindik ere, egoera larrian dagoela agerian uzten dute.

Etorkizuna emankorra izan dadin, euskarak guztion ahalegina behar du, guztiok behar gaitu. Erronka horretan, gizartearen kemena eta administrazioen erabateko inplikazioa eta bultzada ezinbestekoak dira.

Gizarteari, norbanakooi, euskara kalera ataratzeko, airera hedatzeko, ahoan izateko, mintzatzeko, lotsa galtzeko, eskubidea aldarrikatzeko, jarrera proaktiboa izateko….euskaraz bizitzeko eskatzen digu gure hizkuntzak.

Administrazioei, politika ausartak garatzeko, balentria izateko, hizkuntza eskubideak bermatzeko eta hizkuntza bera babestu eta suspertuko dituen politikak bultzatzeko eskatzen die. Hori gauzatzeko, gizartearekin elkarlana eta parte hartzeaz gain, duten erremintarik eraginkorrena aurrekontuak dira.

Ez da neurgailu bakarra baina, administrazio baten aurrekontua aztertuz, ondo jakin daiteke horren euskararekiko konpromezua norainokoa den. Bilbokoa ikusirik, gutxienez kezkatuta agertu behar dugu. Euskararen sustapenerako, aurrekontuaren %0,21 baino ez dute bideratzen. Hirian dauden 90.000 euskaldunentzat eta euskara ikasten ari diren hainbat milakorentzat, agerian dago, eskasa, GUZTIZ ESKASA.

Eskasa aurrekontua. Eskasa euskararekiko eta Bilboko euskaldunekiko Udal gobernuaren konpromisoa. Euskararen garapenerako Bilboko udal gobernuaren ikuspegi murritza eta mugatua eta ipar argirik gabeko hizkuntza politika muga handia da. Ez al dira konturatzen zein erabakigarria izan daitekeen Bilbo euskararentzat? Euskarak Bilbo behar du.

Hiru euskal herritarretik bat Bilbo Handian bizi da. Eta Bilbo, lurraldeko jendearentzat erreferentea da bizitzako arlo askotan. Hizkuntzari dagokionean, Bilbok eragin lezake desoreka. Bizkaiko eta Euskal Herriko euskaldunek eurena sentitu behar dute Bilbo, eta ez euskararekiko herri arrotz moduan, orain gertatzen den bezala. Euskal Herriko hiririk handienean egonda, kanpoan baleude bezala sentiarazten dien hiria da euskaldun askorentzat. Gure hiri osoan dinamika eta giro euskalduna balego, euskararentzat egoera erabat ezberdina litzateke, bizirautea errazagoa luke.

Euskara helburu badugu, asko dago egiteko. Eta bide horretan, udal gobernuak lagun eta kide izango gaitu beti. Zentzu horretan, euskara bultzatzeko eta sustatzeko oinarria izango duen akordiora heltzeko erraztasunak jarriko dizkiogu beti EAJri. Eta horren adibidea da, ondoren doazen proposamenak:

  • Euskararen Ordenantza: herritarrei, euskaldunoi, hizkuntza eskubideen urraketen aurrean babes juridikoa zor zaie.
  • Euskara Batzorde Mistoa: Udala eta Bilboko euskalgintzaren arteko elkarrizketa bermatuko lukeen espazio egonkorra sortu behar da, euskararen sustapena eta garapena helburu izango duena.
  • Administrazioa euskaldundu: administrazioak euskaraz funtzionatzeko pausoak eman behar ditu. Egungo kontratazio politikak ez du bermatuko langile berriek euren lana euskaraz egitea eta administraziora hurbiltzen diren herritarrei ematen zaien zerbitzua euskaraz izatea.
  • Hizkuntza eskubideak bermatu. Hizkuntz ofizialen artean oreka lortzeko, politika desorekatuak behar dira. Ahulenaren aldeko diskriminazio positiboa bultzatu behar da.
  • Ikasleentzako diru-laguntza sistema iraunkor eta unibertsala, ez soilik gurasoentzat, baizik eta Bilbotar guztientzat, beste udal askotan egiten duten moduan (Donostia, Getxo…).
  • Euskararen biziberritzeko plan ausarta eta eragile guztiekin konpartitua. Denok dugu zeregina eta, jakina, zeresana (jarraipen batzordeak, lan-taldeak…). Iparra markatuko duen plangintza hausnartu eta eraginkorra behar dugu.
  • Erabilerari begirako plan integrala, Bilbon diren eta izan daitezkeen ekimen guztiak kontuan hartuko dituena, bai dauden ekimenak laguntzeko, bai berriak sustatzeko ere (Berbalagunak, mintzakideak, Berbagunea, Darabilbo, euskaltegietako edo bestelako elkarteetako ekimen zehatzak…).

Eman diezaiogun, beraz, euskarari merezi duen lekua, behar duen bultzada, behingoz posible izan dadin Bilbon ere euskaldunok edonon, edonoiz eta edonorekin euskaraz bizi ahal izatea!

David Lopategi

EHBilduko zinegotzia

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s